ONGI ETORRI ESPAZIO HONETARA!!

28 nov 2011

Umeek 100 hizkuntza baino gehiago menperatzen dituzte!

Gaurko honetan, Reggio Emiliaren filosofia aurkeztea bururatu zait. Izan ere, Italian sortu zen filosofia honetan, sormena sustatzeari izugarrizko garrantzia ematen diote. Egia esan, adimen mota guztiak garatzeari garrantzi bera ematen diote, diotenez, pertsona osatua izateko, adimen mota guztien beharra dugu, beraz, hauen hierarkizazioa alde batera utziz, ume guztiei bide ezberdinak zabaltzen dizkiete. Modu honetan, etorkizunean izango dituzten gatazkei aurre egiteko kapazagoak izango dira.

Haien hezkuntza bideratzeko, leku seguru eta baliabidez betetakoa erabiltzen dute, non umeek askatasunez sortu eta ezagutzak barneratzen dituzten. Umeek ikasten duten bitartean zoriontsuak izatea helburutzat dute, hau da, egiten dutenarekin disfrutatzea. Azken finean, esperientzien bidez ikastea.

Bestalde, erlazio sozialei izugarrizko garrantzia ematen diote, izan ere, ume bakoitzaren erritmoa zein ikasteko era errespetatuz, guztiok guztiongandik ikastea bideratzen dute, interakzio ugarien bitartez. Filosofia honetan, ezinbestekoa da eskola guztiona dela sentitzea (gurasoena, ikasleena, irakasleena, boluntarioak…), modu honetan, eskolaren garapenean elkarrekin lan egitea errazagoa bilakatuko da eta umeen hezkuntza aldiz, askoz ere aberatsagoa.

Amaitzeko, Reggio Emilian grabatutako bideo bat erakutsi nahi dizuet, “Umeen 100 hizkuntza ezberdinak”. Filosofia honek dioenez, umeek hitzezko hizkuntza bereganatu baino lehen 100 hizkuntza ezberdin baino gehiago menperatzen dituzte, eta hizkuntza hauei esker, haien sormena zein gaitasun soziala eta kognitiboa bereganatzen doaz. Helduok, haurren hizkuntza gutxi batzuk berehala antzematen ditugu, baina zenbat hizkuntz ez ditugu antzematen?


          Reggio Emilia eskoletan, komunikazio eta pentsamendu mota ezberdinak baloratzen dituzte, beraz, honen inguruan kuriositatea badaukazue, begira ezazue bideo hau eta zuzenean ikuzi ezazue umeek dituzten gaitasun itzelak. Benetan merezi du ikusteak, izugarri polita baita!





Reggio Emiliaren instalazioak, txoko ezberdinak, materialak, egunerokotasuna,… ikusi nahi baduzue, hemen usten dizkizuet bideo interesgarri hauek:


http://www.youtube.com/watch?v=rF7XxXrxLaM

21 nov 2011

Ez dago ezer errealitatea baino mundialagoa denik!

Asteazken guztietan, nire 5 urteko iloba, eskolara bilatzera joaten naiz. Egia esan, aste guztietan umeen inguruko istorio ezberdinez jabetzen naiz, batzuetan egoera gatazkatsuez edo zoritzarrekoak, beste batzuetan zerbait barregarria edo alaia… baina eskola guztietan bezala, egunero zerbait gertatzen da, izan ere, umeek egunero ustekabean harrapatu eta aho betez usten gaituzte.

Gaurko honetan, eskolara heldu eta esan didaten lehenengo gauza hau izan da:

-       !La que ha armado tu sobrina y dos más!

Berehala konturatu naiz nire iloba eguneko notiziaren korapiloaren barru barruan sartuta zegoela, baina zer gertatu da?

Momentu horretan bertan, kontatzen hasi dira nola nire iloba eta beste bik, ziurrenik irakasleak esandakoa ez ulertzearen ondorioz (ja!), tenperekin paperean margotu ezean, bata bestearen aurpegia, ilea, arropak, zapatak… margotu dituzte. Goitik bera, urdinez eta berdez zikinduta amaitu dute eta soilik bi minututan! Hitz gutxitan, artista utzak izan dira, baina… beti dago baina bat. Nahiz eta, niretzat behintzat, egoera barregarria eta sormenduna izan den, margoa txarto erabili dute, dena zikinduta geratu da, haien arropa hondatuta eta azala guztiz gorrituta geratu zaie… beraz, nire duda handiena da, nola eman konponbidea horrelako egoera bati? Hau da, nola egin dezakegu umeei adierazteko, eskolan behintzat, ezin dutela horrelakorik egin baina ekintzaren inguruan drama egin barik?

Bere eskolan erabili duten irtenbidea, besteok moduan bideoa ikusi beharrean, hirurak fitxak egiten geratu dira gelan. Nire helburua, ez da metodo hau kritikatzea, baina zintzoa izan behar banaiz, nik beste metodo ezberdin bat erabiliko nuke. Izan ere, nire iritzi pertsonalean, umeek egin dutena txarto dago ez zelako momentua ez lekua hori egiteko, baina ekintza bera, haien barren barrenetik atera da, haien sormena ateratzea bideratu dute eta aldi berean inoiz bezala disfrutatu dute. Gainera, ez al da zigor nahikoa, zikindu duten guztia garbitzea, haien azala minduta geratzea, arropa hondatzea eta irakaslearen aurpegi aldaketa ikustea?

Honekin esan nahi dudan gauza bakarra, askotan egoera ezberdinak, drametan bilakatzen ditugula eta gehienetan, gauza hauen atzetik, umeen espresatzeko beharra ageri dela, hau da, ekintza mota hauekin, barruan duten zerbait ateratzen dute, komunikatzeko beste era bat izan daitekeelarik.

Jada, gertaera honen inguruan nire iritzia aitortu dudanez, esan beharra dut, enteratu bezain laster, barre egin eta pentsatu dudan bigarren gauza, hau izan da:

Zein pena gertatutakoaren argazkirik ez egotea, bestela nire blogean jarriko nuke!

15 nov 2011

Jostailu gutxiago erosi eta utzi dezagun umeek eraiki dezatela!


Gaur zaintzen dudan umearekin egon naiz eta berarekin nengoela, konklusio batera heldu naiz: “Umeei ezertarako balio ez duten jostailu gehiegi erosten dizkiegu”.

Izan ere, erosten ditugun jostailu gehienak erabilera bakar bat izaten dute, hau da, objektu hori erabiltzeko modu bakarra egoten da, horregatik, umearen sormena garatzeko leku gutxi uzten dute eta bestalde, jostailuak programatuta daude umeek, helduek hautatutako zeregin bat betetzeko, beraz, haien autonomia murrizten dute. Gainera, haurrak berehala aspertzen dira dituzten jostailuez eta horren ondorioz beste bat eskatzen dute, haien beharrak asetzeko asmoarekin.


      Arrazoi honegatik, haien jostailuak haiek eraikitzea ideia egokiena iruditzen zait. Hala ere, honek ez du esan nahi merkatuan  jostailu onik ez daudenik, soilik gehienak ez dutela umearen sormena zein autonomia bultzatzen. Gainera, umeak haien jostailuak sortzen badituzte, haien garapenerako onuragarriak diren gaitasunak barneratuko dituzte. Adibidez, haiek eraikitzen dutenean arauak haiek jartzen dituzte, hau da, jostailuaren erabilera posibleak umeek erabakiko eta aldatuko dituzte. Psikomotrizitate fina, koloreak, ehundurak, material ezberdinak, sormena… landuko dute. Eta oso garrantzitsua dena ere, haiek egindakoa gehiago preziatzen eta baloratzen dute, beraz, haien jostailuak hobeto zaintzea lortuko dugu. Horrelako ariketak, haurren autonomia bultzatzen dute eta sortzen zaizkien zailtasunei aurre egiteko kapazagoak izango dira bai momentuan, baita etorkizunean ere.


Beraz, animatu zaitezte zuen umeekin batera jostailuak eraikitzera!

Ideiak hartzeko hemen uzten dizkizuet helbide batzuk:




9 nov 2011

Sormena neurtzeko ariketa kuriosoa!

Egia da, oraindik, sormena neurtzeko ez dugula tresnarik asmatu eta ziur aski, etorkizunean bada ere, horrelako makina bat sortzea zaila izango zaigu. Horregatik, horri itxaroten diogun bitartean, gure haurrekin ariketa dibertigarri batzuk egin ditzakegu. Hala ere, azpimarratu beharrekoa da ariketa hauek ez dutela pertsona baten sormena osotasunean neurtzen, baizik eta sormenaren atal bat soilik.

Ariketa honetan datza: lehenengo eta behin, jolastuko duten guztientzako, biribilez betetako horri bat bananduko dugu. Ondoren, guztiei azalduko diegu nola biribil bakoitzean datorkiona burura marraztu behar duten, hau da, biribil bakoitzean objektu ezberdin bat marraztu behar dute. Adibidez, gurpila, erlojua, aurpegia… azken finean, bakoitzari burura datorkiona. Ariketa hau burutzeko, denbora zehaztea ezinbestekoa da, horrela irudimenaren habiadura ere neurtzen da. Beraz, taldearen adinaren arabera denbora bat ala bestea ezarriko dugu.

Proposatuko dudan ariketa hau, adin guztietako pertsonek egin dezakete eta taldean egiten bada, hobeto! Modu honetan, ariketa amaitzean, bakoitzak marraztu duena ikusiko dugu, guztiok guztiongandik ikastea sustatuz.

Bestalde, orririk edo arkatzik ez izatekotan, antzeko ariketa bat egin daiteke. Hau da, inguruan daukagun objektu bat hartu eta zertarako erabili daitekeen esan. Adibidez, zapata bat hartu dezakegu eta besteok erabilera ezberdinak esan; telefonoa, marteilua, edalontzia, mikrofonoa… berriro ere, bakoitzari burura datorkiona.

2 nov 2011

Haur Hezkuntza gelarako proposamenak

Sormenaren garrantzia

       Presente daukagun artikulu hau, María Dolores Prietok idatzi du eta "hikhasi" aldizkarian argitaratua izan da. Emakume honek, hainbat liburu idatzi ditu eta behin eta berriro, sormena lantzearen garrantzia azpimarratzen du. Hain zuzen ere, sormena lantzeko eta bultzatzeko prozesuei buruz hitz egiten digu. Dioenez, sormena duten pertsonek, arazoei erantzun berriak emateko gaitasun handiagoa izaten dute.

       Beraz, honen inguruan interesa baduzue, irakur ezazue hurrengo artikulua!


Zer da sormena? Sormena adimen mota gisa agertzen den prozesua da, eta adimen horri pentsamendu dibergentea gehitu behar zaio. Sormena, guztiok dugun gaitasuna da eta arazo berriak, irtenbide irudimentsuen bidez konpontzeko balio du. Sormena neurtzeko lau ezaugarri daude: 1.- Jariotasuna. Dugun ideia kopurua. 2.- Malgutasuna. Bakoitzak ideiak azaltzeko duen gaitasuna. Malgutasuna asko goraipatzen den bertutea da. Nik P letraz hasten diren izenak esateko eskatzen badut, normalean ohikoak bururatzen zaizkigu. Malgutasuna patroi hori gainditzea litzateke. 3.- Originaltasuna. Erantzun berriak emateko gaitasuna. 4.- Lanketa. Sormena duten pertsonek, arazoak beste era batera planteatzeko eta erantzun berriak emateko gaitasuna izaten dute. Edozein gairen inguruan duten oinarrizko ezagutza errentagarri egiten dute eta modu azkarrean erabiltzen dute hain sortzaileak ez garen pertsonen aldean. Pertsona horiek nortasun berezia dute eta erronkei eusten diete, amore eman gabe. Arriskuak beren gain hartzen dituzte eta irakasleari “hau erraza da, eman zailagoa den zerbait!” modukoak esaten dizkiote. Sternbergen teoriaren arabera, hau da, adimenaren baliabideetan oinarritutako teoriaren arabera, sormena duten pertsonak, berritzaileak dira, ez dute irakaslearen beharrik eta ez dute jarraibide askoren beharrik; globalak dira, basoa bere osotasunean ikusten dute eta sintesia egiteko gai dira. Pentsamendu liberalaren estiloa dute; ez dituzte ohiko ereduak erabiltzen, ez dituzte erabiltzen gelako gainerako haurrek erabiltzen dituzten ikuspegiak, ikuspegi zabalagoa dute. Horregatik dira malguak, eta bestelako ideiak onartzen dituzte. Baina gure eskoletan ez da horretarako lekurik izaten, testuinguruak oso zorrotzak dira, oso itxiak, eta sormena mugatzen dugu. Zenbat aldiz entzun ditugu “Ixildu zaitez eta ez esan tontakeriarik!” modukoak ikasle batek zerbait esaten duenean! Irakasleei helarazi beharreko mezua hau da: eskolan testuinguru zabalagoak sortu beharko genituzke, ideia eta produktu sortzaileak saritu beharko genituzke. Eta sormena etapa guztietan landu beharko genuke; izan ere, Haur Hezkuntzan sormena lantzen dugu, baina Lehen Hezkuntzan edukien arabera funtzionatzen hasten gara eta sormena mugatzen hasten gara. Sormena laguntzeko oinarriak Sormena laguntzeko, oinarri hauek jarrai ditzakegu: 1.- Pentsamenduaren oinarrizko trebetasunak eraiki. Hori, oinarrizkoa da sormenaren garapen potentzialerako. 2.- Eremu zehatzetan oinarrizko ezagutza lortzera bultzatu. Sormena ez da beti ezagutzaren ondorio zuzena, baina ezagutza nolabait, bada sormena bultzatzeko baldintza. 3.- Jakin-mina eta esplorazioa piztu eta saritu. Haur sortzaileak, sortzaileak ez direnak baino jostalariagoak izaten dira. Haur sortzaileek azalpenak eskatzen dituzte eta eszeptizismoz hartzen dituzte “jakinak” edo “begi bistakoak” diren erantzunak. 4.- Sormenerako beharrezkoak diren motibazio baldintzak sortu. Motibaziorik ez bada, norberaren sormen potentziala garatzeko aukera gutxiago dute. 5.- Konfiantza eta arriskua bere gain hartzeko gogoa bultzatu. Askotan ikasle zail moduan ikusten dira, inkonformistak direlako, baina horrek lotura zuzena du izaera sortzailearekin. 6.- Sormenak motibazioa eta ahalegina bultzatzen ditu, eta ideia hori bultzatu behar da. Ahaleginik egin ezean, ez dute berritzailea den ezer egingo. 7.- Aukeratzeko eta aurkitzeko aukera eman. Sormena duten ikasleek gogo handiagoz hartzen dituzte haiek aukeratu dituzten jarduerak, irakasleak edo beste norbaitek agindutakoak baino. 8.- Trebetasun megakognitiboak garatu. Buruaren auto-gobernuak norberaren baliabide kognitiboen zuzendari aktibo bihurtzea dakar. 9.- Ekintza sortzaileak egiteko teknikak eta estrategiak irakatsi. Ikasleei pentsatzen laguntzeko eta arazoak konpontzen laguntzeko teknika asko daude. 10.- Oreka eskaini. Haurrek haien sorkuntza ikasgelan azaltzeko gogoa izaten dute. Irakaskuntza sortzailearen oinarriak Gurasoek eta irakasleek haurrak estimulatzeko moduak ikas ditzakete haiek jakin-mina izan dezaten, arriskuak har ditzaten, arrisku eta erronkekin goza dezaten eta irudimena erabil dezaten. Estimulazio horrek giro lasaia eskatzen du eta giro hori lortzeko, ez litzateke sormena alde batera utzi behar, eskola curriculumak eskatzen dituen erantzunak emateko. Eskola informalagoa izatea proposatzen dugu. Haurrei imajinatzeko, sortzeko eta haien kabuz azaltzeko aukera gehiago eman behar zaizkie. Irakaskuntza sortzaileak, lehenago aipatu dugun moduan, irudimena, malgutasuna, originaltasuna eta egokitzeko gaitasuna eskatzen ditu eta baita curriculumaren barnean ematen diren arazoak konpontzeko erabiltzea ere. Beharrezkoa da, beraz, irakaskuntza sortzailea egiten duen pertsonak horri buruzko zenbait printzipio kontuan hartzea: 1.- Irakaskuntza sortzaileak izaera malgua du. Aurkikuntzen bidez ikasten da, eta ezaugarri nagusiak hauek dira: inprobisatzeko gaitasuna, aldaketarako gaitasuna eta ikasle bakoitzaren ezaugarrien arabera formazioa egokitzea. 2.- Zeharkako ikaskuntza metodoen arabera zehazten da. Motibazioak, simulazioak, kontsultak eta aurkikuntzak irakaskuntza metodo horien oinarria zehazten dute eta haien ezaugarri nagusiak naturaltasuna, autonomia eta ulermena dira. 3.- Irudimenezkoa da. Sormenaren trebetasunak erabiltzen direnean irakaskuntza prozesuaren alde lan egiten da. 4.- Materialak eta ideiak era berrian erabiltzea bultzatzen du. Materialak, ideiak edo metodoak hainbat eratara konbinatzea. 5.- Harremanei laguntzen die. 6.- Auto-norabidea indartzen du. Ikaslea da ikasteko ardura duena, eta irakaslea laguntzailea da. Giro horretan, jakin-mina, ikerketa, esperimentazioa… bultzatzen dira. 7.- Auto-balorazioa eskatzen du; irakasleak amaierarako uzten baitu bere epaia. 8.- Arriskuak ditu, baina sariak ere ematen ditu. Irakaskuntza sormen prozesu bihurtzen da, norbanakoak baldintza hauek betetzen dituenean: - Irakaskuntza teknikak eta estrategiak hobetzeko beharra ikusten duenean. - Arazoak konpontzeko aukerak aztertzen dituenean. - Arazoei irtenbidea aurkitzeko iraganeko esperientzia eta ezagupen eta ikuspegi berriak erabiltzen dituenean. - Zientifikoki garatutako irakaskuntza sortzailearen printzipioak erabiltzeko asmoa duenean. - Hezkuntza bizipenetan ikasitakoa erabiltzen duenean. Sormenaren garapenerako programa Guk jarraitzen dugun sormena trebatzeko programak sormenaren printzipio nagusiak bultzatzeko jarduerak jasotzen ditu: 1.- Produktu edo egoera batek dituen zailtasunak edo gabeziak antzemateko sentsibilitatea. Horrek egoera epaitzen eta lortu nahi dituen helburuak zehazten laguntzen dio pertsonari. 2.- Buruko jariotasuna. Pentsatzeko eta ideia asko aldi berean proposatzeko gaitasuna: a) Hitzezko jariotasuna: hitzak eta esaldiak erraztasunez ekoizteko eta konbinatzeko gaitasuna. b) Asoziazio jariotasuna: hitz jakin batentzat sinonimoak aurkitzeko erraztasuna. c) Adierazpen jariotasuna: esaldiak eta edukiak egituratzeko gaitasuna. d) Ideia jariotasuna: zenbait baldintza betetzen dituzten ideiak proposatzeko gaitasuna. 3.- Pentsamendu malgutasuna: eremu mentala zabaltzeko eta arazoak konpontzeko modu berriak aurkitzeko gaitasuna. 4.- Bat-bateko malgutasuna: ideia aniztasuna sortzeko gaitasuna, botila bat erabiltzeko moduak proposatzea, adibidez. 5.- Egokitzeko malgutasuna: arazo bati irtenbidea aurkitzeko, arazo horren baldintzak ulertzeko eta orokortzeko gaitasuna; marra kopuru jakina erabilita karratuak egitea, adibidez; burua zabalik izan behar dugu karratu guztiek neurri bera izan behar dutenaren ideia alde batera uzteko. 6.- Originaltasuna; ez ohiko ideiak ekoizteko gaitasuna. 7.- Urrutiko asoziazioak: itxuraz elkarren artean antzekotasun handirik ez duten elementuen artean harremanak eraikitzea. 8.- Arazoak berriz definitu: informazioa modu berritzailean interpretatzeko gaitasuna, pentsamenduak aurretik ezarritako formak alde batera utzita. Esate baterako, nola jar daitezke erarik egokienean ondoko objektuak lepoko bat egiteko: arkatza, errefaua, zapata, arraina edo krabelina. 9.- Lanketa: lan bati ideia asko eta askotarikoak eransteko gaitasuna; esaterako, bi lerro emanik, objektu zailagoa egiteko marrazkiak edo zehaztasunak eranstea. 10.- Anbiguotasunarekiko tolerantzia: ziurrak ez diren ondorioak onartzeko gaitasuna, kategoria zurrunik erabili gabe. 11.- Pentsamendu bateratuekiko interesa: erantzun egokiari buruz pentsatzeko gaitasuna, matematiketan eskatzen den moduan. 12.- Urruneko pentsamenduekiko interesa: arazo batzuek erantzun zuzen bakarra ez dutela ulertzeko gaitasuna. Jarraitu beharrezkoa printzipioak Programa osatzen duten jarduera guztiek eskaintzen diete haurrei libreki adierazteko aukera, baina irakasleak irakaskuntza konstruktiborako bitartekari moduan aritu behar du. Hori dela eta, jarduerak printzipio hauei jarraituz egin behar dira: 1.- Jarduerak era interesgarrian eta erronka moduan azaldu. Lana gogor egin behar da baina sormenaren alderdi ludikoa alde batera utzi gabe. Irakasleak haurrei esan behar die ez duela balio “Nik ezin dut” edo “Ez naiz hori egiteko gai” modukoak esatea. 2.- Jarduerak ikaskuntza adierazgarriaren printzipioen arabera diseinatu. Horrek bi baldintza eskatzen ditu: haurren garapen mailara eta haien interesetara egokitzea alde batetik, eta bestetik, errazenetik zailenera joatea, ordena logikoa mantenduz. 3.- Ikasitakoak eskolako beste egoera batzuetan eta haurren bizitzan zer eragin duen ikustea. Programaren jarduerekin lortzen dituzten estrategia eta taktikek curriculumeko beste arloetan eta eguneroko bizitzan aplikatzea garrantzitsua da. 4.- Edozein ideiak tokia izango duen testuinguru malgua eraikitzea. Ondorioak Sormena 50. hamarkada arte landu ez den gaia da eta sakontasunez landu behar dugu. Ikuspegiaren arabera, ezberdina izango da lantzeko era, baina sormena bultzatzea garrantzitsua da, bai familian, bai eskolan. Zenbait ikerketek utzitako datuen arabera, eskolaurreko garaian egindako sormen lanek nerabezaroan ikasleek duten sormenean eragina dute. Sormena hasieratik landu beharreko hezkuntza helburua izan behar duela esan dezakegu. Horretarako, egun, baditugu programak, estrategiak eta taktikak. Ikaskuntzaren lehen mailetatik sormenaren garapena bultzatzea garrantzitsua da arrazoi hauengatik: - Ikasleei era dibergentean pentsatzen eta jokatzen erakusten diegulako. - Ikasleak imajinazioa erabiltzera animatzen ditugulako. - Intuizioa areagotzen duelako. - Kuriositatea pizten duelako. - Arazoak ez ohikoak diren prozedurak erabiliz konpontzeko gaitasuna hobetzen duelako. Irakasleak bitartekari moduan duen papera oso garrantzitsua da; elkarrekintza erabiltzen saiatu behar da haurrengan sormena bultzatzeko. Finean, sormenak testuinguru jakin bat eskatzen du, eta ideiak elkartrukatzeko, behar den moduan antolatutako jarduerak eskatzen ditu. Horrek esan nahi du, ikasgela, giza baliabide eta baliabide material guztiak errentagarri bihurtzeko gunea izan behar duela. IDEIA ALDAKETA Ideia: iratzargailu hobea. Galdera egin genien: Iratzargailu hobea lortzeko zer egingo zenuke? Aldaketa batzuk proposatuta, horrelako iratzargailuak nahi lituzkete: Handitu: Herri guztiarentzako iratzargailua. Gutxitu: Zure belarrian sartzen den iratzargailua eta ondokoak esnatzen ez dituena. Aldatu: Aurpegira ur hotza botatzen duen iratzargailua. Ordezkatu: Ahora kafea botatzen duen iratzargailua. Erabilera berria: Egunero hitz berri bat erakusten dizun iratzargailua. Konbinatu: Esnatzen zaituen, kafea eta tea egiten dizkizun eta egunkaria ematen dizun iratzargailua. Berrantolatu: Lo hartu aurretik hartzen duzun kafea eman eta hurrengo goizean esnatzen zaituen iratzargailua. Ezabatu: Bakarrik jotzen ez duen iratzargailua. Ohetik jaiki eta botoia sakatzen duzunean jotzen du.


31 oct 2011

Art Attack telebista programa

Telebista ikusten nengoela, txikitan ikusten nuen Art Attack programarekin topo egin dut. Zelako oroimen politak ekarri dizkidan!!

Bestalde, egia da, gaur egun telebistako programa asko, nahiz eta umeentzako egindakoak izan, ez direla guztiz egokiak haientzako. Batez ere, telebista aurrean modu pasiboan mantentzen dituelako eta baita erakusten dituzten baloreengatik ere. Horregatik, garrantzitsua iruditu zait nabarmentzea salbuespenak daudela, hau da, eskaintzen dizkiguten programa batzuk gure umeentzako egokiak direla.

Izan ere, Art Attack umeen sormena sustatzeko oso egokia dela pentsatzen dut. Batez ere, material gutxi batzuekin gauza ederrak sortu daitezkeela konturatzen garelako. Gainera, eskulanak bideratzeaz gain, modu ludiko batean, umeentzako oso egokiak diren gaiak jorratzen ditu. Modu honetan, umeen adimen ezberdinak garatzeko aukera ematen du. Beraz, jakin ezazue egokia dena hautatzen eta anima zaitezte Art Attack moduko programak zuen umeekin batera ikustera!



Hemen usten dizkizuet programa honen bideo zati batzuk:

26 oct 2011

Pertsona sortzaile baten ezaugarriak

Askotan pentsatu izan dut, ea zeintzuk diren betebeharreko baldintzak sormendun pertsona izateko, hau da, nola neur daiteke pertsona baten gaitasunak kreatiboa den ala ez jakiteko?


Eduard Punset, hain famatua den idazle, abokatu, ekonomista eta dibulgatzaileari egindako elkarrizketa batean, honen erantzun posible bat ematen digu. Berak dioenez, behintzat bost dira bereganatu beharreko ezaugarriak: Kuriositate handikoa izatea, egoera ezberdinetara moldatzea, adimentsua, emozioak kontrolatzen dituena eta egiten duena gustuko izatea.


Beraz, hauek guztiak betetzekotan, sormendun pertsona zarela ziurtatu dezakezu!


23 oct 2011

Txikitatik ipuinak eraikiz


Ipuinak, betidanik ibili dira gure artean, bai gure familiako norbaitek kontatu dizkigulako, bai eskolan entzun ditugulako, kalean… edonon entzunda ere, kondairak edo asmatutako ipuinak gure bizitzaren atal ba


Hala ere, nahiz eta haurrek ipuinak entzutean haien sormena lantzen duten, adin batetik aurrera, ez litzateke guztiz interesgarria izango haien artean ipuina asmatzea? Nik behintzat, etorkizuneko irakaslea izango naizelarik, baietz deritzot. Batik bat, teknika hau erabiliz, denetarik landu daitekeelako: autonomia, sormena, irakurtzeko, marrazteko eta idazteko gaitasunak, psikomotrizitate fina, baloreak, bizikidetza,…t osatzen dute, batez ere txikiak garenean. Izan ere, oso onuragarriak eta garrantzi handikoak dira umeen hezkuntzarako, batez ere, hauen bitartez, egoera, balore eta kontzeptu asko landu daitezkeelako, umeen garapen egokia bultzatuz.

Argi dagoenez, ipuinaren eraikuntzaren bidez, denetarik landu daiteke. Hala eta guztiz ere, pausu batzuk jarraitzea komenigarria izaten da; hauen artean garrantzizkoenak mezua, pertsonaiak eta egoera asmatzea izango lirateke.

Bestalde, nahiz eta umeek itzelezko imajinazioa izaten duten, batzuetan sortzeko gaitasuna ataskatu

eta zaila egiten zaie ekintza aurrera eramatea. Horretarako, hots, hau ekiditeko , truku batzuk daudela aipatzekoa da. Adibidez, logikarik ez duten bi hitz elkartuz, pertsonai ezagunen izaerak edo testuingurua aldatuz, ezinezko makina bat asmatuz… Beraz, ekintza hau jorratzeko interesa duzuenentzako, hona hemen interneten arakatzen aurkitu dudan helbide on bat, hain zuzen ere Edu izeneko mutil baten bloga, non balore ezberdinei buruzko

ipuinak aurkitzeaz gain, truku pilo bat aurkitu daitezkeen haurrek, ipuina eraikitzean, haien irudimena geldi ez dezaten.

19 oct 2011

Emaitza ezberdinak topatu nahi badituzu, ez ezazu beti berdina egin!


Gaur, lagun baten etxean nengoela, Albert Einsteinen esaldi honekin topo egin dut. Izan ere, bere etxeko edalontzi batean idatzita zegoen eta zuekin elkarbanatzea interesgarria izan zitekeela pentsatu dut.

Askotan, bizitza aldaketa baten zain gaude, baina sarritan, besoak gurutzatuta geratzen gara, geure eskutan bakarrik dagoen aldaketa noiz agertuko zain. Egoera hau errepikatzearen arrazoietariko bat, beldurra izaten da, aldaketa eta erratzearen beldur. Horregatik, gizakiok bide errazena hartzen dugu, hau da, ezaguna zaigun bidea, lehenago egindakoa eta aldakuntzarik ekarriko ez duen bidea.
Beraz, blog honetatik, animatzen zaituztet emaitza ezberdinak topatzera, hau da, zuei zoriontsu egiten dizuen bidea aurkitzera!



Bestalde, Albert Einsteinen esaldi kurioso gehiago irakurtzeko gogoak badituzu, helbide honetan sar zaitezke:

http://www.frasedehoy.com/call.php?file=autor_mostrar&autor_id=20

16 oct 2011

Ken Robinsonek dio eskolak sormena hiltzen duela

Blog honi jarraiera emateko, Ken Robinsonen bideo hau jartzea egokia iruditu zait. Bideo honetan, modu ludiko eta hunkigarri batean, eskolak ikasleen sormena akabatzen duela dio eta sormena bultzatzen duen hezkuntza sistema bat aldarrikatzen du. Beraz, denbora izatekotan, anima zaitez ikustera!








Zer da sormena niretzako?


Galdera honi erantzuteko, beste galdera batetatik hasiko naiz:


Sormena behar bezala baloratzen dugu? Galdera hau munduan zehar luzatuko bagenu, erantzuna baiezkoa izango litzatekeelakoan nago. Baina gai honen inguruan sakonduko bagenu, konturatuko ginateke nola sormena mundu txiki batera murrizten den, artistaren mundura: margolariak, musikagileak, …


Izan ere, betidanik, sortzaile handiak izan ditugu mundutik, gurpila asmatu zuena, lurrin makina egin zuena, Beethoven, Leonardo Da Vinci, txupa-txusari makila jarri ziona…


Baina oraindik ere, gaur egun, ez gara jabetu sormena gure inteligentzia ugarietako bat denik eta garrantzizkoa dela hau garatzea eta erabiltzea, bai eskolan, bai etxean zein bizitza osoan zehar. Bizitzari aurre egiteko zein lanerako, guztiok izan beharko ginateke irudimentsuak. Izan ere, gobernatzaileek, bankariak, exekutiboak… haien sormena garatu izan balute,beharbada, orain ez ginateke krisi honen barruan aurkituko eta batez ere, ditugun errekurtsoei probetxu gehiago aterako genieke.


Baina zoritzarrez, gaur egun, sormena ez da behar bezala baloratzen. Gainera, esan beharra dago, gutxi baloratzeaz gain, askotan akabatu egiten dugula. Txikiak garenetik, etxean zein eskolan, bide berdinetik eramaten gaituzte guztioi eta soilik txalokatzen gaituzte gizartean baloratzen dena egitean, hau da, adimen intelektuala garatzean. “Zein ondo! Irakurri egiten du!. Zein ondo!lerrotik atera gabe margotzen du!


Beraz honi erantzun bat emateko, txipa aldatu beharko genuke. Ez da esaten jainkoa izan zela sortzailerik handiena? Ba izan gaitezen guztiok pixkatxo bat jainkoa!! Ez daitela bakarra egon!!


Amaitzeko, argi geratzearren, sormena, sortzearen gaitasuna da, zerbait berria eta baliotsua sortzearen ahalmena, konklusio berrietara heltzeko erraztasuna eta batez ere, arazoak ebazteko orduan, modu original batean aurre egitean datza.


Hala ere, teoria ezberdinei buruz edo informazio garatuago bat nahi izatekotan, hemen luzatzen dizkizuet interneten aurkitutako helbide batzuk:



http://www.hikhasi.com/artikulua/1567


http://www.euskonews.com/0489zbk/gaia48901eu.html


http://es.wikipedia.org/wiki/Creatividad