ONGI ETORRI ESPAZIO HONETARA!!

2 nov 2011

Sormenaren garrantzia

       Presente daukagun artikulu hau, María Dolores Prietok idatzi du eta "hikhasi" aldizkarian argitaratua izan da. Emakume honek, hainbat liburu idatzi ditu eta behin eta berriro, sormena lantzearen garrantzia azpimarratzen du. Hain zuzen ere, sormena lantzeko eta bultzatzeko prozesuei buruz hitz egiten digu. Dioenez, sormena duten pertsonek, arazoei erantzun berriak emateko gaitasun handiagoa izaten dute.

       Beraz, honen inguruan interesa baduzue, irakur ezazue hurrengo artikulua!


Zer da sormena? Sormena adimen mota gisa agertzen den prozesua da, eta adimen horri pentsamendu dibergentea gehitu behar zaio. Sormena, guztiok dugun gaitasuna da eta arazo berriak, irtenbide irudimentsuen bidez konpontzeko balio du. Sormena neurtzeko lau ezaugarri daude: 1.- Jariotasuna. Dugun ideia kopurua. 2.- Malgutasuna. Bakoitzak ideiak azaltzeko duen gaitasuna. Malgutasuna asko goraipatzen den bertutea da. Nik P letraz hasten diren izenak esateko eskatzen badut, normalean ohikoak bururatzen zaizkigu. Malgutasuna patroi hori gainditzea litzateke. 3.- Originaltasuna. Erantzun berriak emateko gaitasuna. 4.- Lanketa. Sormena duten pertsonek, arazoak beste era batera planteatzeko eta erantzun berriak emateko gaitasuna izaten dute. Edozein gairen inguruan duten oinarrizko ezagutza errentagarri egiten dute eta modu azkarrean erabiltzen dute hain sortzaileak ez garen pertsonen aldean. Pertsona horiek nortasun berezia dute eta erronkei eusten diete, amore eman gabe. Arriskuak beren gain hartzen dituzte eta irakasleari “hau erraza da, eman zailagoa den zerbait!” modukoak esaten dizkiote. Sternbergen teoriaren arabera, hau da, adimenaren baliabideetan oinarritutako teoriaren arabera, sormena duten pertsonak, berritzaileak dira, ez dute irakaslearen beharrik eta ez dute jarraibide askoren beharrik; globalak dira, basoa bere osotasunean ikusten dute eta sintesia egiteko gai dira. Pentsamendu liberalaren estiloa dute; ez dituzte ohiko ereduak erabiltzen, ez dituzte erabiltzen gelako gainerako haurrek erabiltzen dituzten ikuspegiak, ikuspegi zabalagoa dute. Horregatik dira malguak, eta bestelako ideiak onartzen dituzte. Baina gure eskoletan ez da horretarako lekurik izaten, testuinguruak oso zorrotzak dira, oso itxiak, eta sormena mugatzen dugu. Zenbat aldiz entzun ditugu “Ixildu zaitez eta ez esan tontakeriarik!” modukoak ikasle batek zerbait esaten duenean! Irakasleei helarazi beharreko mezua hau da: eskolan testuinguru zabalagoak sortu beharko genituzke, ideia eta produktu sortzaileak saritu beharko genituzke. Eta sormena etapa guztietan landu beharko genuke; izan ere, Haur Hezkuntzan sormena lantzen dugu, baina Lehen Hezkuntzan edukien arabera funtzionatzen hasten gara eta sormena mugatzen hasten gara. Sormena laguntzeko oinarriak Sormena laguntzeko, oinarri hauek jarrai ditzakegu: 1.- Pentsamenduaren oinarrizko trebetasunak eraiki. Hori, oinarrizkoa da sormenaren garapen potentzialerako. 2.- Eremu zehatzetan oinarrizko ezagutza lortzera bultzatu. Sormena ez da beti ezagutzaren ondorio zuzena, baina ezagutza nolabait, bada sormena bultzatzeko baldintza. 3.- Jakin-mina eta esplorazioa piztu eta saritu. Haur sortzaileak, sortzaileak ez direnak baino jostalariagoak izaten dira. Haur sortzaileek azalpenak eskatzen dituzte eta eszeptizismoz hartzen dituzte “jakinak” edo “begi bistakoak” diren erantzunak. 4.- Sormenerako beharrezkoak diren motibazio baldintzak sortu. Motibaziorik ez bada, norberaren sormen potentziala garatzeko aukera gutxiago dute. 5.- Konfiantza eta arriskua bere gain hartzeko gogoa bultzatu. Askotan ikasle zail moduan ikusten dira, inkonformistak direlako, baina horrek lotura zuzena du izaera sortzailearekin. 6.- Sormenak motibazioa eta ahalegina bultzatzen ditu, eta ideia hori bultzatu behar da. Ahaleginik egin ezean, ez dute berritzailea den ezer egingo. 7.- Aukeratzeko eta aurkitzeko aukera eman. Sormena duten ikasleek gogo handiagoz hartzen dituzte haiek aukeratu dituzten jarduerak, irakasleak edo beste norbaitek agindutakoak baino. 8.- Trebetasun megakognitiboak garatu. Buruaren auto-gobernuak norberaren baliabide kognitiboen zuzendari aktibo bihurtzea dakar. 9.- Ekintza sortzaileak egiteko teknikak eta estrategiak irakatsi. Ikasleei pentsatzen laguntzeko eta arazoak konpontzen laguntzeko teknika asko daude. 10.- Oreka eskaini. Haurrek haien sorkuntza ikasgelan azaltzeko gogoa izaten dute. Irakaskuntza sortzailearen oinarriak Gurasoek eta irakasleek haurrak estimulatzeko moduak ikas ditzakete haiek jakin-mina izan dezaten, arriskuak har ditzaten, arrisku eta erronkekin goza dezaten eta irudimena erabil dezaten. Estimulazio horrek giro lasaia eskatzen du eta giro hori lortzeko, ez litzateke sormena alde batera utzi behar, eskola curriculumak eskatzen dituen erantzunak emateko. Eskola informalagoa izatea proposatzen dugu. Haurrei imajinatzeko, sortzeko eta haien kabuz azaltzeko aukera gehiago eman behar zaizkie. Irakaskuntza sortzaileak, lehenago aipatu dugun moduan, irudimena, malgutasuna, originaltasuna eta egokitzeko gaitasuna eskatzen ditu eta baita curriculumaren barnean ematen diren arazoak konpontzeko erabiltzea ere. Beharrezkoa da, beraz, irakaskuntza sortzailea egiten duen pertsonak horri buruzko zenbait printzipio kontuan hartzea: 1.- Irakaskuntza sortzaileak izaera malgua du. Aurkikuntzen bidez ikasten da, eta ezaugarri nagusiak hauek dira: inprobisatzeko gaitasuna, aldaketarako gaitasuna eta ikasle bakoitzaren ezaugarrien arabera formazioa egokitzea. 2.- Zeharkako ikaskuntza metodoen arabera zehazten da. Motibazioak, simulazioak, kontsultak eta aurkikuntzak irakaskuntza metodo horien oinarria zehazten dute eta haien ezaugarri nagusiak naturaltasuna, autonomia eta ulermena dira. 3.- Irudimenezkoa da. Sormenaren trebetasunak erabiltzen direnean irakaskuntza prozesuaren alde lan egiten da. 4.- Materialak eta ideiak era berrian erabiltzea bultzatzen du. Materialak, ideiak edo metodoak hainbat eratara konbinatzea. 5.- Harremanei laguntzen die. 6.- Auto-norabidea indartzen du. Ikaslea da ikasteko ardura duena, eta irakaslea laguntzailea da. Giro horretan, jakin-mina, ikerketa, esperimentazioa… bultzatzen dira. 7.- Auto-balorazioa eskatzen du; irakasleak amaierarako uzten baitu bere epaia. 8.- Arriskuak ditu, baina sariak ere ematen ditu. Irakaskuntza sormen prozesu bihurtzen da, norbanakoak baldintza hauek betetzen dituenean: - Irakaskuntza teknikak eta estrategiak hobetzeko beharra ikusten duenean. - Arazoak konpontzeko aukerak aztertzen dituenean. - Arazoei irtenbidea aurkitzeko iraganeko esperientzia eta ezagupen eta ikuspegi berriak erabiltzen dituenean. - Zientifikoki garatutako irakaskuntza sortzailearen printzipioak erabiltzeko asmoa duenean. - Hezkuntza bizipenetan ikasitakoa erabiltzen duenean. Sormenaren garapenerako programa Guk jarraitzen dugun sormena trebatzeko programak sormenaren printzipio nagusiak bultzatzeko jarduerak jasotzen ditu: 1.- Produktu edo egoera batek dituen zailtasunak edo gabeziak antzemateko sentsibilitatea. Horrek egoera epaitzen eta lortu nahi dituen helburuak zehazten laguntzen dio pertsonari. 2.- Buruko jariotasuna. Pentsatzeko eta ideia asko aldi berean proposatzeko gaitasuna: a) Hitzezko jariotasuna: hitzak eta esaldiak erraztasunez ekoizteko eta konbinatzeko gaitasuna. b) Asoziazio jariotasuna: hitz jakin batentzat sinonimoak aurkitzeko erraztasuna. c) Adierazpen jariotasuna: esaldiak eta edukiak egituratzeko gaitasuna. d) Ideia jariotasuna: zenbait baldintza betetzen dituzten ideiak proposatzeko gaitasuna. 3.- Pentsamendu malgutasuna: eremu mentala zabaltzeko eta arazoak konpontzeko modu berriak aurkitzeko gaitasuna. 4.- Bat-bateko malgutasuna: ideia aniztasuna sortzeko gaitasuna, botila bat erabiltzeko moduak proposatzea, adibidez. 5.- Egokitzeko malgutasuna: arazo bati irtenbidea aurkitzeko, arazo horren baldintzak ulertzeko eta orokortzeko gaitasuna; marra kopuru jakina erabilita karratuak egitea, adibidez; burua zabalik izan behar dugu karratu guztiek neurri bera izan behar dutenaren ideia alde batera uzteko. 6.- Originaltasuna; ez ohiko ideiak ekoizteko gaitasuna. 7.- Urrutiko asoziazioak: itxuraz elkarren artean antzekotasun handirik ez duten elementuen artean harremanak eraikitzea. 8.- Arazoak berriz definitu: informazioa modu berritzailean interpretatzeko gaitasuna, pentsamenduak aurretik ezarritako formak alde batera utzita. Esate baterako, nola jar daitezke erarik egokienean ondoko objektuak lepoko bat egiteko: arkatza, errefaua, zapata, arraina edo krabelina. 9.- Lanketa: lan bati ideia asko eta askotarikoak eransteko gaitasuna; esaterako, bi lerro emanik, objektu zailagoa egiteko marrazkiak edo zehaztasunak eranstea. 10.- Anbiguotasunarekiko tolerantzia: ziurrak ez diren ondorioak onartzeko gaitasuna, kategoria zurrunik erabili gabe. 11.- Pentsamendu bateratuekiko interesa: erantzun egokiari buruz pentsatzeko gaitasuna, matematiketan eskatzen den moduan. 12.- Urruneko pentsamenduekiko interesa: arazo batzuek erantzun zuzen bakarra ez dutela ulertzeko gaitasuna. Jarraitu beharrezkoa printzipioak Programa osatzen duten jarduera guztiek eskaintzen diete haurrei libreki adierazteko aukera, baina irakasleak irakaskuntza konstruktiborako bitartekari moduan aritu behar du. Hori dela eta, jarduerak printzipio hauei jarraituz egin behar dira: 1.- Jarduerak era interesgarrian eta erronka moduan azaldu. Lana gogor egin behar da baina sormenaren alderdi ludikoa alde batera utzi gabe. Irakasleak haurrei esan behar die ez duela balio “Nik ezin dut” edo “Ez naiz hori egiteko gai” modukoak esatea. 2.- Jarduerak ikaskuntza adierazgarriaren printzipioen arabera diseinatu. Horrek bi baldintza eskatzen ditu: haurren garapen mailara eta haien interesetara egokitzea alde batetik, eta bestetik, errazenetik zailenera joatea, ordena logikoa mantenduz. 3.- Ikasitakoak eskolako beste egoera batzuetan eta haurren bizitzan zer eragin duen ikustea. Programaren jarduerekin lortzen dituzten estrategia eta taktikek curriculumeko beste arloetan eta eguneroko bizitzan aplikatzea garrantzitsua da. 4.- Edozein ideiak tokia izango duen testuinguru malgua eraikitzea. Ondorioak Sormena 50. hamarkada arte landu ez den gaia da eta sakontasunez landu behar dugu. Ikuspegiaren arabera, ezberdina izango da lantzeko era, baina sormena bultzatzea garrantzitsua da, bai familian, bai eskolan. Zenbait ikerketek utzitako datuen arabera, eskolaurreko garaian egindako sormen lanek nerabezaroan ikasleek duten sormenean eragina dute. Sormena hasieratik landu beharreko hezkuntza helburua izan behar duela esan dezakegu. Horretarako, egun, baditugu programak, estrategiak eta taktikak. Ikaskuntzaren lehen mailetatik sormenaren garapena bultzatzea garrantzitsua da arrazoi hauengatik: - Ikasleei era dibergentean pentsatzen eta jokatzen erakusten diegulako. - Ikasleak imajinazioa erabiltzera animatzen ditugulako. - Intuizioa areagotzen duelako. - Kuriositatea pizten duelako. - Arazoak ez ohikoak diren prozedurak erabiliz konpontzeko gaitasuna hobetzen duelako. Irakasleak bitartekari moduan duen papera oso garrantzitsua da; elkarrekintza erabiltzen saiatu behar da haurrengan sormena bultzatzeko. Finean, sormenak testuinguru jakin bat eskatzen du, eta ideiak elkartrukatzeko, behar den moduan antolatutako jarduerak eskatzen ditu. Horrek esan nahi du, ikasgela, giza baliabide eta baliabide material guztiak errentagarri bihurtzeko gunea izan behar duela. IDEIA ALDAKETA Ideia: iratzargailu hobea. Galdera egin genien: Iratzargailu hobea lortzeko zer egingo zenuke? Aldaketa batzuk proposatuta, horrelako iratzargailuak nahi lituzkete: Handitu: Herri guztiarentzako iratzargailua. Gutxitu: Zure belarrian sartzen den iratzargailua eta ondokoak esnatzen ez dituena. Aldatu: Aurpegira ur hotza botatzen duen iratzargailua. Ordezkatu: Ahora kafea botatzen duen iratzargailua. Erabilera berria: Egunero hitz berri bat erakusten dizun iratzargailua. Konbinatu: Esnatzen zaituen, kafea eta tea egiten dizkizun eta egunkaria ematen dizun iratzargailua. Berrantolatu: Lo hartu aurretik hartzen duzun kafea eman eta hurrengo goizean esnatzen zaituen iratzargailua. Ezabatu: Bakarrik jotzen ez duen iratzargailua. Ohetik jaiki eta botoia sakatzen duzunean jotzen du.


No hay comentarios:

Publicar un comentario